2026/03/06

Korrika Kulturala: animatu eta parte hartu!

Korrika badator, eta harekin batera Korrika Kulturala ere martxan da gure auzo eta herrietan. Martxoan zehar, euskararen aldeko giroa kaleetara ateratzeko, askotariko jarduerak antolatu dira: kultura, festa, musika, kirola eta auzo giroa uztartzen dituzten ekimenak.

Helburua argia da: euskararen alde elkartu, gozatu eta parte hartzea. Horregatik, adin guztietarako proposamenak prestatu dira: kuestazioak, dokumentalak, ipuin kontalariak, kalejirak, umeentzako tailerrak, Korrika txikiak, kontzertuak eta auzoetako jaiak. Horrela, Korrika iritsi aurretik eta bitartean, herritarrok aukera izango dugu euskararen aldeko festa elkarrekin bizitzeko.

Ekitaldiak Barakaldoko hainbat auzotan egingo dira, eta tokian tokiko eragile, elkarte eta talde askoren elkarlanari esker antolatu dira. Horiei guztiei esker, Korrika ez da soilik egun bateko ekimena; hilabete osoko mugimendu kolektiboa bihurtzen da.

Beraz, gonbidapena luzatzen dizuegu: zatozte Korrika Kulturaleko ekitaldietara, parte hartu, gozatu eta zabaldu euskararen aldeko mezua. Lagunekin, familiarekin edo auzokoekin, denon artean egingo dugu giroa.

Euskara gara, eta Korrika denona da!