2024/05/08

Udako irakurle kanpaina Barakaldoko AEKrekin

 

Azken nobedadeak irakurri nahi al dituzu euskaraz eta merkeago? AEK-k aukera emango dizu udako irakurle kanpainaren bidez. Hurbildu euskaltegira eta xehetasun guztiak emango dizkizugu. Eskaera egiteko epea maiatzaren 30ean amaituko da.

Liburuak irakurriz eta irakurriz dena ikasten zela uste zen antzina. Gaur egun badakigu den-dena ez dagoela liburuetan; euskara ikasteko ere liburuak baino gauza gehiago behar ditugu, bai. Halere, liburuek hortxe jarraitzen dute eta, guzti-guztia ekarri ez arren, kontu ugari aurkituko dituzu.

Batzuek euskara ikasten lagunduko dizute: euskaraz idatzitako istorioek, historiak eta poemek. Horietan, benetako eta fikziozko euskaldunak zuri mintzatuko zaizkizu liburuetako hitzen bidez, eta irakurriko dituzu hainbat izen, aditz, berba, pasarte eta paragrafo zuretzat patxadaz prestatuak, patxadaz irakur ditzazun.

Beste batzuek, berriz, euskara ikasten ari zarela ahantzaraziko dizute. Ezagutuko dituzu lekuak, pertsonak, istorioak eta sentimenduak: poza, beldurra, barrea, harridura… Murgilduko zara letren itsaso batean, eta hantxe gozatuz euskara ikasiko duzu euskara ikasten ari zarela ahaztuta.