Jarraian, aukera nagusietako batzuk azalduko dizkizugu.
Euskara Bonua: 120 € ordaindu behin bakarrik eta B1 mailara arte euskara ikasteko aukera duzu. Euskara ikasten hasi nahi dutenentzat zein ikasten jarraitu nahi dutenentzat aukera egokia izan daiteke. Beraz, euskara ikasteko asmoa baduzu, ez utzi aukera hau pasatzen!
16 eta 18 urte bitarteko gazteek ere laguntza berezia dute C1 maila prestatzeko. Aukera interesgarria da euskara maila aurreratuago batera iritsi nahi duten eta C1 maila prestatu edo egiaztatu nahi duten gazteentzat.
HABEk ere euskara ikasten ari diren ikasleentzako dirulaguntzak eskaintzen ditu. Oro har, maila gainditu edo egiaztatu ondoren dirulaguntza jasotzeko aukera egon daiteke, betiere dagokion deialdian ezarritako baldintzak betetzen badira. Horregatik, euskara ikasten ari bazara, komeni da urtero deialdiaren baldintzak eta epeak kontsultatzea, zure kasuan laguntza jasotzeko aukerarik dagoen jakiteko.
Barakaldoko Udalaren laguntzek matrikularen %100eraino estaltzen dute euskara ikasteko (gehienez 686 €), itzulketa-sistema baten bidez. Hau da, lehenengo ikastaroa ordaindu behar duzu eta, ikastaroa amaitzean, diruaren itzulketa eskatu. Dirulaguntza hau jasotzeko, honako oinarrizko baldintza hauek bete behar dituzu:
- 16 urtetik gorakoa izatea eta Barakaldon erroldatuta egotea.
- Udalak ezarritako familia-errentaren mugak ez gainditzea.
- Uneko ikasturtean HABEk homologatutako euskaltegi batean ikastea.
- Klaseetara joateko ezarritako gutxieneko derrigorrezko asistentzia betetzea. Normalean, %60 eta %75 artean, ikastaroaren modalitatearen arabera (aurrez aurrekoa edo autoikaskuntza).
- Ikasturtea amaitzean, ordainagiriak eta jatorrizko fakturak aurkeztea.
Zalantzak badituzu, hurbil zaitez gure euskaltegira eta behar duzun informazioa jaso dezakezu: zein laguntza eskura ditzakezun, zein baldintza bete behar dituzun eta nola egin behar dituzun izapideak.
Informatu, aukeratu zure ikastaroa eta hasi edo jarraitu euskara ikasten!