2021/12/23

Eskerrik asko, sudurgorriak!!


 Abenduaren 19an, Barakaldoko AEK-ko irakasleok eta ikasleek jaso genuen  sudurgorriek oparitutako txorien habia kutxa; herrian egunerokoan eta euskararentzat habia goxoak maitasunez sortzeagatik. 

Barakaldoko AEK-ko irakasle, ikasle eta lagun guztien izenean, ESKERRIK ASKO, Pirritx, Porrotx eta amama Josefina zaintzen geratu den Marimotots. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez!

Guretzat ohore handia da horrelako errekonozimendua jasotzea. Urte asko daramatzagu Barakaldo euskalduntzen lanean eta horrela segituko dugu, gogotsu, lortu arte. 

Eta eskerrak eman nahi dizkizuegu ez soilik horregatik. Zuek, sudurgorriek, ibilbide luzea egin duzue euskal kulturan, euskaraz sortzen. euskararen transmisioan erakutsi duzuen konpromisoagatik ere eskerrak eman nahi dizkizuegu AEK-ko lagunok.

Plazera da elkarrekin, zuen ondoan, euskararen alde alde ekitea. 

Sentitu, pentsatu, HITZEKIN. Tipi tapa, tipi tapa... KORRIKA!

 

AEK izan da askorentzat euskara ikasteko tokia

amets askoren sorburu eta habia

Barakaldo gero eta euskaldunagoa

oraindik ez nahi adina

txorien hegaldian nola

saiatzean datza bizitza

barrote gabeko habiatik jaioko dira txoriak

euskaraz txio eta euskaraz hitza


Izan dadila gure bihotza euskararen habia

baina ahotik atera dadila hegan ziztu bizian